XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurrera jarraitzen dute Donostian Hizkuntz Plangintzarako III. Jardunaldiak
Fishman: Euskara lan-mundura iristen ez bada, ez da bere normalkuntza segurtatzerik izango.

Lan-esparruan hizkuntzaren erabilera finkatzea behar-beharreko da bere normalkuntza lortu ahal izateko, aditzera eman zuen atzo Joshua A. Fishman soziolinguista amerikar ospetsuak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politikarako Idazkaritzaren eraginez Donostian eratzen ari diren Hizkuntz Plangintzarako III. Jardunaldietan.

Euskal Herrian orain arte hizkuntz arloan burutu izan den politika ikuskatzeko eratzen ari diren topaketa hauetako zuzendaritza Fishman irakaslearen eta Juan Cobarrubias hizkuntzalariaren eskutan dago.

Egunez egun edozein hizkuntzak gizartean bete beharreko funtzioak aztertzen ari dira jardunaldi hauetan eta, hain zuzen, atzoko egitarauan lan-munduan zein asti-giroan (astia, entretenimendua, kirolak, jokoak, gazteria etab.) euskararen gizarteratzea zertan den aztertu zen.

Zentzu honetan, hizkuntzaren eguneroko erabilerak zein garrantzi haundia duen azpimarratu zuen Fishman irakasleak eta, are-zehatzago, euskararentzat zein premiazko den lan-munduan sartuz joatea.

Euskara lan-mundura iristen ez bada ez da bere normalkuntza segurtatzerik izango errepikatu zuen eta ezarri, euskararen lan-munduratze hau gertatzen ez bada, hezkuntza arloan egiten ari diren ahaleginak nora-ezean geratu daitezkeela hurrengo belaunaldian.

Jardunaldi hauetan parte hartzen ari diren hogeita hamar aditu eta teknikariak euskal administrazioak martxan jarritako elebitasun politika berrikuskatzen ari dira egunotan, bai euskal hezkuntza sistemari dagozkionetan eta baita hizkuntz plangintzasko duen lege-testuinguruari buruzkoetan ere.

Ildo honetan, Euskararen Normalkuntzarako Legeaz Konstituzio Tribunalak hartutako erabakiak aztertu ziren, beti ere azpimarratuz legegileek hainbat disziplina desberdin izan beharko luketela kontutan hizkuntz arazoa aztertzerakoan eta ez ordea, ikuspegi juridiko hutsa soil-soilik.

Arlo honetan, euskara eta hiritarren segurtasunaren arteko erlazio zertan den aztertu duen txostena aurkeztu zen, euskal gizartearen hizkuntz-eskakizunei erantzun ahal izateko polizia elebiduna izatea zein premiazko den nabarmenduz.

Lehendakariarekin elkarrizketa.

Asteazkenean, berriz, Jose Antonio Ardanza Lehendakariak Ajuria Enean hartu zituen Joshua Fishman eta Juan Cobarrubias irakasleak.

Hizkuntz Politikarako Idazkari den M. Karmen Garmendia lagun zutela, irakasle biak luze-zabal mintzatu ziren Lehendakariarekin, euskararen normalkuntzaren nondik norakoa miatuz eta beste herri elebidunetako esperientzia laburbilduz.

Fishman irakasleak zezenaren adarrak non dauden adierazi du. Ea nork heltzen dien.